Blog hau EHUren Komunikazio Zientzien fakultatean sortu dugu Euskararen Araua eta Erabilera irakasgaian egiten ditugun ikerketak eta gogoetak sarean zabaltzeko.
Irakasgai hau Euskal Filologia Sailak eskaintzen du komunikazio zientzietako titulazio guztietan, lehen ikasturtean. Eta horren helburu nagusiak hiru dira:
- Euskarazko komunikabideen egoera aztertzea
- Komunikabideek euskararen normalizazioari eta garapenari egiten dioten ekarpenaz jabetzea
- Komunikabideetako hizkuntza-ereduaren iturriak eta ezaugarriak ezagutzea
Blog honen administratzaile nagusiak bi gara: Joseba Ezeiza eta Oier Aranzabal. Baina, beste adiskide askoren laguntza izatea espero dugu. Kolaboratzaileek ZEU ERE KOTALAI! atalean egingo dute euren buruaren agerpena, Komunikabideen Talaia honetara bertaratu ahala.
Sarean endredatuta zabiltzaten guztiok ere parte har dezakezue behatoki txiki honetara euskarazko komunikabideen inguruko albisteak, gertakariak eta iritziak bidalita.
Honenbestez, zabalik da KOTALAIA 2.0.!
MULTIMEDIA KOMUNIKAZIOA EHU-EITB masterra
Datorren ikasturtetik aurrera EHUk eta EITBk master bat eskainiko dute euskaraz, multimedia komunikazioari buruz.
Helbide honetan dituzue masterrari buruzko xehetasunak:
http://www.multimediakomunikazioa.info/
Aukera paregabea euskarazko kazetaritzari bultzada emateko!
Euskara
Aimar Etxeberria Korta
31. taldea
Irakasgai honen funtsa, etorkizuneko kazetariek barneratuta eduki behar dituzten balio eta jakintzak, ahal den neurrian, barneratzen saiatzea da. Baina prozesu hau ez da goizetik gauera egiten den zerbait, horregatik eman dugu denbora luze hau bide horretan. Irakasgaiak bi atal izan ditu: atal teorikoa eta atal praktikoa. Atal teorikoa izan da bietan mardulena, eta bertan jasotako edukiak hiru ataletan sailka ditzakegu:
1.- Lehenengo atalak euskarari, bere osotasunean hartuta, egiten dio erreferentzia. Zer da hizkuntza bezalako galdera orokor batetik abiatuta, euskara beraren etorkizuna eztabaidatzeraino heldu gara. Euskararen egoera aztertu dugu hainbat arlotan, hala nola prentsan, interneten, kalean… Aipatu beharrean nago datu guzti hauek aztertu ditugunean, emaitzak positiboak izan direla ikusi dugula.
2.- Bigarren atala gehiago zentratu da kazetari baten lanean, euskara eta komunikabideak jarri baitizkigu mahai gainean. Komunikabideetan kalitatezko euskara baten beharraz jardun dugu, eta hori bermatzeko bideaz gogoetak burutu ditugu. Kalitateaz ari garenean, zuzentasunaz, egokitasunaz eta ulergarritasunaz ari gara. Zuzentasunak arlo gramatikalari begiratzen dio gehienbat, hau da, testuak ondo idazteari, akatsik, gabe. Egokitasunak, aldiz, testuaren testuinguruari begiratzen dio gehiago. Testu bat zuzen idatzita egon daiteke baina posible da bere testuinguruarekin zerikusirik ez izatea. Testu hori ez litzateke kalitatezkoa izango. Eta kalitatezkoa izateko azken betebeharra jatortasun froga pasatzea izango litzateke.
3.- Eta azken atala euskararen arauetan murgiltzen da bete-beterik. Hasi euskaltzaindiaren historia apur bat azaltzetik eta berriaren estilo liburuaren gomendioetaraino joan gara. Garrantzitsuena, nire ustez, berriaren estilo liburuaren gainean egin dugun lanketa izango litzateke. Liburu horrek kazetari bati, arauei eta idazteko erari dagokionez, behar duen guztia eskaintzen dio.
Atal praktikoari dagokionez, kazetari bat ordenagailu baten aurrean dagoen momentuan eta duda bat suertatzen zaionean, aurre egiteko prestatuta dago. Aurrez ezagutzen ez nituen baliabide berri batzuk erabiltzen ikasi dugu. Euskalbar-aren inbentuan jardun dugu buru-belarri, bere tripa guztiak arakatu arte. Bertan zuzentasunari, egokitasunari eta jatortasunari lotutako baliabideak lantzen dira.
Balorazioa:
Orokorrean, iruditzen zait irakasgaia oso ondo dagoela moldatuta etorkizuneko kazetariak osatzeko orduan. Euskara beraren ezagutza baino erabileran gehiago zentratzen dela iruditzen zait, eta gori oso aberasgarria da kazetariontzat, gu ez baikara izango euskaran adituak. Guretzat euskara lanerako tresna soil bat izango da. Eta irakasgaiak, euskara modu egokian erabiltzera bideratzen gaitu.
Nik irakasgaiaren atal praktikoari ematen diot garrantzi handiagoa. Bertan lantzen genituen baliabideak oso erabilgarriak eta baliagarriak iruditzen zaizkit. Zuzentasunari, egokitasunari eta jatortasunari lotuak zeuden baliabideak erabiltzea etorkizunerako askoz ere baliagarriagoa da teoria guztia baino.
EUSKARAREN ARAUA ETA ERABILERA IRAKASGAIA: Ikuspegi orokorra
Irakasgai hau etorkizunean komunikabideetan lan egingo dugun kazetariak prestatzeko jardunean dago txertatua. Horrexegatik, komunikabideek euskarari egiten dioten ekarpenaz, komunikabideetan erabili beharreko hizkuntzaz eta hizkuntza hori definitzeko lagungarri diren tresnez aritu gara. Gogoeta-lan hori egiteko, campus birtualetik eskuratu digugu teoria-materialak, eta asteko 3 ikastorduetatik bitan, ikasgelan teoria horren inguruko praktikak egin ditugu. Geratzen den asteroko ordu betean, aldiz, ordenagailu gelan aritu gara web-orri ezberdinetatik lortutako informazioaz, baliagarri izango zaizkigu zerrenda, fitxa eta abarrak ekoizten.
Nire ustez, ikasgai honek, gure herrian euskarak egun bizi duen egoera ezagutzeko balio izan digu. Izan ere, komunikabideek duten audientzia edo jarraipenaren inguruko datuek zein adituek idatzitako artikuluek, bertan bizi arren egunerokotasunean ezkutuan geratzen zaizkigun kontu interesgarrien berri eman dakigukete. Bestalde, ikasgaia barneratzeko dagoen modalitatea aberasgarria delakoan nago. Eguneroko jarraipena eskatzen badu ere, taldeka lan egitea, moodle-eko foroa edota lan monografikoak zintzilikatzeko sortutako blog-a, banaka egiten dugunetik haratago geure ikuspegia zabaltzeko tresna eraginkorrak dira.
Ikasgaiaren gaineko errepaso eta balorazio azkar hori alde batera utzi eta edukietan sakonago sartuz, geure herriko komunikabideen eta euskararen arteko lotura nola aztertu dugun azaldu nahi nuke.
Hasteko, euskara batuaren eta euskalkien arteko eztabaita izan dugu aztergai. Ikasgaian zehar, hedabide orokorrak eta tokian tokikoak ezagutu ditugu eta Euskal Herrian ohikoak diren fenomenoak aztertu. Izan ere, gurea lurralde txikia izan arren, milaka errealitate ezberdin barnebiltzen dituena da. Beste faktore askoren artean bi alboetako herrietako hizkuntzen presentziak era batekoa bihurtzen du euskara. Ondorioz, etengabeko bilakaeran murgilduta dago eta lehengo idatzizkko testu tradizionaletatik egungo gazteen ahozko jardunera dagoen aldea izugarria da. Horregatik, komunikabideetan erabiliko den hizkukntza definitzerako orduan hainbat baldintza hartu behar ditugu kontuan. Batuan edo tokiko euskalkian aritzearen inguruko eztabaidan ere, bata eta bestearen arteko zerbait, egokia izango dena, aurkitu nahian aritu gara. Izan ere, ez da berdina hedabide orokorretarako edo tokikoetarako aritzea; gai baten edo bestearen inguruan aritzea; albisteak edota aisialdiko ekimenak eskaintzea… Eztabaida hau argitu ahal izateko, egiazko adibideak izan ditugu lan tresna moduan esku artean.
Bestalde, batuaren eta euskalkien artekoaz gain, kalitateko hizkuntza definitzerako orduan kontuan izan beharreko gauzak zein diren jakin dugu. Egokitzat jotzeko bete beharko lituzkeen helburuak ezagutu eta historikoki zein funtziori eman izan zaion garrantzia ikusi dugu. Honetan guztian, Euskaltzaindiak bere arau eta argipenekin bete ditzakeen hutsuneak zeintzuk diren jabetu gara. Askotan bakartzat jotzen den ortografiaren arazoaz gain, esamolde egokiak eta hizkuntza benetan funtzionala nolakoak liratekeen jakiteko baliagarri izan baitaiteke. Honentan ere, arautegiak eta oharrak eskura izanda, okerrak liratekeen moldeak zuzentzen aritu gara geure kabuz batetik, eta Interneteko web-guneetan zalantzak txertatuz lortu ditugu erantzunak bestetik.
Amaitzeko, hedabideetako estilo liburuen inguruan lan egin dugu. Batetik, Berriaren estilo liburuari esker, kazetagintzako hizkuntzaren ezaugarri eta funtzioen berri izan dugu. Eta bestetik, EiTBkoarekin, irakurtzeaz gain ikus-entzunezkoa den hizkuntzaren egokitasunak nolakoa behar duen barneratu ahal izan dugu. Bata zein bestea, oinarritzat albistea izanda abiatzen badira ere, albiste hori komunikatzeko euskarria ezberdina izateak, hizkuntzaren aldaerak dakartza eta oraindik zein arlotan lan egingo dugun ez dakigunez, interesgarria izan da horren guztiaren berri izatea,
Gelan egin -edo behintzat egiten hasi- beharrekoez gain, lan monografikoak egin ditugu. Euskarazko komunikabideen azterketa, liburuen inguruko iruzkina edota komunikabideetan euskarak duen egoeraz gogoeta egiteko aukera izan dugu. Lanak moodle-era igorri ditugu eta honek gelakideenak eskuragarri izatea dakarrenez, geuk lanerako hautatu dugun arloaz gain, besteez ere jakiteko parada badugu. Orain, lan horietako gehienak blog honetan daude. Ea jendearen interesekoak diren.
Nekane Zinkunegi